2014(e)ko otsailaren 25(a), asteartea

Txabola pasiegoa





Kaixo berriz ere!!

Oraingoan egin behar izan dugun proiektua txabola pasiego bat izan da. Horretarako txabola pasiegoei buruzko informazioa bilatu behar izan dugu interneten, liburuetan, etabar. 

Txabola pasiegoak bailara pasiegoetan kokatzen diren txabolak dira. Mendi magalean kokatuta daude. Txabola horiek artzainak erabiltzen zituzten, baina gaur egun asteburua eta udako hilak pasatzeko erabiltzen dira. Aipatu dugun bezala, lehen artzainek erabiltzen zituzten; hori dela eta, behe pisuan abereak egoten ziren eta goiko pisuan artzaina. Beheko pisua ganaduarentzako zenez, oso altuera gutxian izaten du sabaia. 
Txabola hauek kokatzen diren lekuan oso negu gogorrak igarotzen dira, hori dela eta, txabolek 0.5 metro zabalerako hormak dituzte. Horrez gain, hotzetik babesteko oso leiho gutxi dituzte.

Nik nire txabola pasiegoa Vega de Pas herrian kokatu nuen.





Hurrengo txabolan oinarrtu nintzen nire txabola egiteko.




Gure txabola pasiegoa familia bat asteburua pasatzeko prestatu behar genuen. Nik 3 pertsonentzako prestatu egin dut. Proiektu honetan garrantzitsuena zen txabolaren esentzia mantentzea. Horregatik, behe pisuari ia-ia mantendu diot sabaiaren altuera. Horrez gain, txabola hauek inguruarekin erlazionatzen dutena harrizko hormak dira. Hori dela eta, barne banaketa egiterakoan saiatu naiz hormak libre uzten. Horrez gain, gelen arteko banaketa egiteko ez dut tabikerik erabili.

Proiektu honetan bi axonometria egitea eskatu ziguten, bata kanpotik ikusita eta bestea barrutik.


 Axonometria kanpotik



 Axonometria barrutik

Bi axonometriez gain, maketa bat egin behar izan genuen. Maketan, gure txabola hiru materialez osatuta egon behar zen: harriz, egurrez eta beiraz. Harria irudikatzeko kartoi marroia erabili dut, zura irudikatzeko egurrezko makilak eta beira leihoetan soilik erabili dut.


Txabolaren aurrealdea



 Txabolaren atzealdea



Txabolaren barrualdea

  
Txabolaren barrualdea



 Txabolaren goiko pisua



 Txabolaren goiko pisua


Orain nire proiketua azalduko dizuet. Etxera behe pisutik eta goiko pisutik sar zaitezke. Behe pisutik sartzen bazara, egongela aurkituko duzu, tximinia aurrean duelarik. Egongelaren ondoan sukaldea eta jateko mahaia dago. Sarrerako atetik sartu eta ezkerretara idaz-mahai bat dago eta ondoan eskailerak. Goiko pisuari dagokionez, txabolaren erdian tabike batzuez inguratuta komuna dago, zeinak konketa, komun-ontzia eta dutxa bat duen. Atea dagoen kontrako paretan bi logela aurkitzen dira. Bata gurasoentzako ohearekin eta bestea semearentzako ohe batekin. Logela hauen arteko banaketa egiteko armairuez eta apalategiz baliatu naiz.

Espero dut proiektua gustatu izana! Hurrengo proiektura arte!

2014(e)ko otsailaren 13(a), osteguna

Izoztegia Ondarretan (II)


Pasa den astean klasera eraman nuen proiektua guztiz aldatu behar izan dut. Klasean jendeari egindako zuzenketen ondoren hartu nuen erabakia. Jendeari, batez ere, espazio ireki bat egin beharra eskatzen zioten. Nire proiektua berriz, espazio itxi bat zen, bi terrazekin. Orduan, izoztegi berrirako espazio guztiz ireki bat egitea erabaki nuen.
Hasierako ideia, bi estalki hiruki formarekin egitearena izan zen, bata hirira zuzenduta, paseoa gain hartuz, eta bestea itsasora zuzenduta. Gainera, bi estalkiak altuera ezberdinean kokatuta egongo lirateke eta elkarrekin konektatuta, hórrela paseoa eta hondartzaren arteko trasntsizioa sortuz.


Ideograma eta piktograma


Eraikina egiterakoan Luis Peña Ganchegi arkitekto oñatiarrak egindako haizeen orratzen paseoa izan nuen kontuan. Paseo horren bukaera aldera eskalera ugari daude plataforama batera eramaten gaituztenak. Nik izoztegia altuera dagoen leku batean jarri dudanez, eskaileretaz baliatu naiz izoztegia dagoen plataformaraino heltzeko. Horrez gain, paseo horren bukaera hiruki forma dauka itsasoarekin trantsizioa egiteko asmoarekin. Beraz, hori nik ere izan dut kontuan neure eraikinaren forma egiterako orduan.


Influentziak 


Nik izoztegia hurrengo argazkian ikus daitekeen lekuan jarri egin dut. Leku horretan, nolabaiteko altuera dago eta marea gorak saihestea lortzen dut. Horrez gain, hondartzatik ez ezik, paseoko hiru leku desberdinetatik heldu zaitezke izoztegira.



 Nire proiektuaren kokapena
Hurrengo argazkietan nik egindako oinplantak eta altxaerak ikus daitezke.


Izoztegiaren estalkiak 


Izoztegiaren oinplanoa


Hegoaldeko eta Iparraldeko altxaerak 

  
Ekialdeko eta Mendebaldeko altxaerak 

Azkenik, proiektuaren maketa egiteari ekin nion.










Bukatzeko nik maketarekin egindako argazkia jarriko dut :)
Ni maketarekin

2014(e)ko otsailaren 5(a), asteazkena

Go4zen Arkhitektoak


Gaur goizean, 12etan, "Go4zen Arkhitektoak" arkitektura estudioko Iñigo eta Haritz etorri zaizkigu hitzaldi bat ematera. Horretan, karrera amaitu ondoren arkitektura ikasle batek hartu dezakeen bidea azaldu digute, haien esperientzian oinarrituz. Iñigok eta Haritzek karreran ezagutu zuten elkar. Bakoitzak bide ezberdinak hartu zituen karreran zehar, baina behin karrera amaitzean arkitekto kolegioan izena ematea eta estudio bat sortzea erabaki zuten. Orain arte proiektu txikiak pentsatu dituzte, eta horiek azaldu egin dizkigute:
Irunen etxe unifamiliar baten erreforma egitea izan zen haien lehenengo proiektua. Proiektu honetan, zenbait zailtasunekin topo egin zuten. Alde batetik, oso espazio txikiko etxe batean bezeroak eskatutako gauza guztiak sartzea lortu behar zuten. Bestetik, etxea kokatuta dagoen inguruaren maldak hartu behar zituzten kontuan.
Haien bigarren proiektua Orkoiengo udal pilotalekua egitea zen. Proiektu honetarako konkurtso batera aurkeztu behar izan ziren, eta honek pilotalekuari buruz zituen baldintzak bete. Iñigo eta Haritzi, ez zitzaien baldintza horietako bat ondo iruditzen, eta haien proiektuan baldintza hori aldatu egin zuten. Horren ondorioz, haien proiektuak ez zuen konkurtsoa irabazi. 
Bi arkitekto hauek egindako beste proiektu bat Forondako baserri baten erremodelazioa izan zen. Proiektu honetan jabeari handiegi geratu zitzaion ukuilua birmoldatu behar zuten.
Azkenik, arkitekto hauek azaldu diguten azkeneko proiektua, Cantabriako merkatu batean zentro kultural bat egitearena izan da.
 
 
Iñigo eta Haritz hitzaldiaren momentu batean
 
Ondorio bezala esan dezaket oso onuragarria izan zaidala hitzaldi hau, karrera bukatu berri duten bi ikasleen esperientziak eta proiektuak azaltzen zizkigulako. Beraz, mota honetako hitzaldiak maizago egotea gustatuko litzaidake.
Hurrengora arte 

2014(e)ko otsailaren 4(a), asteartea

Izoztegia Ondarretan


Irakasleek 2. lauhilabete honetan proposatu diguten proiektua Ondarretako hondartzan izoztegi bat egitea da. Horretarako zenbait gauza kontuan hartu behar izan ditugu. Eraikina hiriaren eta hondartzaren erdibideko bat izan behar du. Horrez gain, eraikinaren altuera ere kontuan hartu behar da; izan ere, marea igotzen denean hondartzaren zati handi bat desagertu egiten da. Gainera, izoztegia, bai hondartzan daudenak erabiltzeko bai paseatzen daudenentzako izan behar du. Izoztegiaren barne banaketari dagokionez, izozkiak saltzeko barra bat eta komun bat izan behar du gutxienez.
Nik nire proiektua egiteko zenbait arkitektoren influentzia izan dut. Esaterako, Mies van der Rohek Illinoisen egindako Farnsworth etxea hartu dut oinarri nire izoztegiaren terraza egiteko. Modu horretan mareen kontua saihestu egiten dut, altuera ematen baitiot eraikinari. Gainera, terraza paseoaren eta hondartzaren arteko trantsizio moduan erabiltzen dut.
 
 
Farnsworth etxea
 
 
Izoztegiaren eraikinari dagokionez Donostian dauden beste eraikin batzuetan oinarritu naiz; Kontxa hondartzan dagoen Perla bainuetxean hain zuzen. Hori dela eta, nire izoztegiari hondartzara ematen duen aldean dodekagono erdi baten forma duen pareta ipintzen dut, itsasoaren edertasuna bere osotasunean ikus dadin. 
 

Perla bainuetxea
 
Nire proiektua nolakoa izango den pentsatu ondoren ideograma egin dut:
 
 
Ideograma

 Azkenik, nire proiektuaren zirriborroak egin ditut:

 


Zirriborroak
 
 Gaurkoz nire lanaren aurkezpena bukatu egin da, baina hurrengo sarreran planoen eta maketaren argazkiak igoko ditut.